Zer gara?

  Zer jaten dugu? Eta nork ekoizten du jaten duguna? Jaki osasuntsu eta lekuko nekazariek ekoizturikoa jan nahi dugu. Edozein txokotan dauden denda handiak atzean utzita, kontsumitzaileak eta baserritarrak elkartzen dituzten Aitzbitarte izeneko kontsumo taldea osatzen dugu; hainbat herritan ugarituz doazen Basherri talde modukoa.

Zer garen ulertzeko Pedro Alberdi EHNE sindikatuko kideari GARA egunkariak egindako elkarrizketaren zati bat jarri dugu hemen:

  Asko eta askorentzat jaten ditugun elikagaien kalitatea kontu garrantzitsua da. Elikagaiak ekoizten dituzten gizon eta emakumeak ere, baserritarrak alegia, garrantzitsuak dira askorentzat. Horiexek dira Basherri taldeetako kide direnen kezka eta interes nagusiak. Basherri deituriko kontsumo taldeak ugaritu egin dira azken urtean gure herrian, eta horien atzean zer dagoen ezagutzeko Pedro Alberdi EHNE sindikatuko kidearekin hitz egin du GARAk. Hala, hauxe litzateke, funtsean, Basherri talde bat: hogei bat lagunek elkartzea, taldea osatzea eta baserritar batekin harremanetan jartzea erabakitzen dute. Ondoren, baserritarrarekin barazki eta beste hainbat produkturen zerrenda osatzen dute, garaian garaiko produktuak aintzat hartuz. Azkenik, astean behin plazan edo guneren batean elkartu, eta baserriko produktuz beteriko saskia edo otarra eramaten dute etxera kontsumitzaileek, hileroko kuota baten truke.

  Alberdiren ustez, hasieran aipaturiko bi elementuen ondorioz sortu dira taldeok. «EHNE eta Biolur ohartu gara herritar batzuengan behintzat badagoela jaten dugunaren inguruko kezka bat», eta bestalde, «baserritarrak desagertzen ari direla ere ikusten du jendeak», dio. Hala, beste hainbat faktorez gain, batez ere etxean elikagai osasuntsuak izateko nahiz nekazaritzara gerturatu eta baserritarrei bizirauten laguntzeko gogoak sortu ditu kontsumo talde hauek, Alberdiren esanetan.

  Izan ere, salmenta zuzena oinarri duen salerosketa modu honetan harremana elementu zentrala da. «Sistema oso xumea da, ahal den xumeena egiten saiatzen gara. Behar den lehenengo gauza talde bat da, kontsumitzaile talde bat. Ondoren, talde hori baserritarrarekin harremanetan jartzen da eta astean behineko otar sistema antolatzen da», azaldu du Alberdik.

  Taldea izan behar dela azpimarratzen du, ez dela banakako ekimena. EHNEko kidearen hitzetan, «gizartea dena indibidualki egitera ohitu da, norbera bere etxean, bere diruarekin, inorekin hitz egin gabe, eta guk horri buelta eman nahi diogu. Elkarlana falta dela ikusten dugu, herri lana, eta horregatik ematen diogu garrantzia ekimen kolektiboa izateari». Ildo horretatik, kontsumitzaile taldea baserritarrarekin harremanetan jarri ostean, denen artean zein produktu nahi dituzten adosten dute, baita banaketa non eta nola egingo duten ere.

  Lehenik, beraz, taldearen eta baserritarraren arteko harremana sortu behar da. Horretarako, taldeko kideak baserrira bertara joaten dira, baserritarra ezagutu eta jasoko dituzten elikagaiak non ekoiztuko dituzten ikustera. Hartu-eman hori, etetetik urrun, sendotu egiten da. Izan ere, bilera dinamika bat jartzen dute martxan bi aldeek. Hala, hilean behin guztiak elkartu eta hizketarako tartea izaten dute. Modu horretan, besteak beste, baserritarrak uztaren berri ematen die kontsumitzaileei, baita ondorengo hilabeteetan zer ekoitz dezakeen azaldu ere.

  Normalean barazkiekin osatzen da oinarrizko saskia, beste produktu batzuekin ere osatu badaiteke ere. Saskiaren egonkortasuna lortzeko, produktuak aurretik planifikatzen dira, lehenengo zer landatuko den erabakitzen da, eta lortzen den uzta taldeko kideen artean banatzen da. Neurri bakarrekoa izaten da saskia, hainbat neurrikoak egin beharrak lana bikoiztuko bailioke baserritarrari. Hala, asteroko otarra lau bat pertsona heldurentzat egokia izanik, bi bikotek otarra erdibana hartzea ere ados lezakete.

  EHNE sindikatuaren arabera, momentu honetan gisa honetako 30 bat talde daude Gipuzkoan, eta 500 bat familia elikatzen dira asteroko saskien bidez. Hogei lagun ingururentzako janaria ekoitz dezake baserritar batek. Nortzuk edo nolakoak dira baina kontsumitzaile nahiz baserritar hauek? Alberdik azaldu digunez, «denetarik» dago. Jakinarazi digu Gipuzkoan, esaterako, baserritarren batez besteko adina 59 urtekoa dela. Ondorioz, asko jada erretiroan pentsatzen ari dira eta hori muga izan daiteke proiektu eta funtzionamendu berri batean murgiltzeko. Baina denetarik dago, hala ere. Hori bai, talde hauetan sartuta dauden asko gazteak eta berriak dira. Azken urtean taldeok izan duten gorakadarekin, esaterako, hamabi bat baserritar berri hasi dira lanean.

  Basherri taldeei esker, gainera, baserritarrek euren produktuak baloratuak direla sentitzen dute, «horretarako ere balio dute taldeek», azaldu digu Alberdik. Izan ere, euren produktuak ez daudela baloratuak sentitu ohi dute baserritarrek. Zentzu honetan, azkenaldian indartzen saiatzen ari badira ere, orokorrean, baserritarrentzat urteetan zehar salmenta zuzena gorpuztu duten azokek beheranzko joera hartu dute. Are eta gehiago, EHNEko kideak baieztatu duenez, «bada azokara joan eta tratua egin nahian ibiltzen den jendea ere».

  Egoera honen aurrean, Basherri taldeetan dauden baserritarrak «oso gustura» daude. Gertutasuna da asko estimatzen duten gauzetako bat. Alberdik dioen moduan, «jendea baserrira joatea, astean behin kontsumitzaileekin izaten duten hitzordua, gertutasun horrek erosleei gauzak azaltzeko ematen dien aukera, guzti horrekin jendeak beraien lana baloratzen duela ikusten dute».

  Era berean, asteroko saski hauen bidez baserritarrak egonkortasuna lortzen du. Baserritar berriak egon daitezen egonkortasuna behar dutela dio Alberdik. Izan ere, azken urteetan are eta gehiago, egoera gogorra bizi dute baserritarrek, ekoizten dituzten jakien salerosketari dagokionean. Hala, azoken egoera gorabeheratsua denez, talde finko bat izateak egonkortasuna ematen dio baserritarrari.

  Beste aldean ere denetarik dago. Kontsumitzaile gehienak, halere, 30 urtetik gorakoak dira. 30 eta 60 urte artean kokatzen dira, eta horietako asko 30 eta 40 urte bitartekoak dira. Familiak, nahiz umeren bat duten bikoteak daude batez ere. Osasunaren inguruko kezka nahiz interesa dute gehienek, gizarte ereduaren ingurukoa beste askok.

Mundu mailako mugimendua

  Azken batean, «mundu mailako gauza bat da hau», dio Alberdik. Japonian hasi omen ziren orain 20 bat urte halako taldeak sortzen. «Japonia hain industriala izanda, jendeak produktu osasungarriak faltan botatzen zituen, eta itxura denez, baserritarrengana jo zuten janari garbia ekoitz zezaten eskatu eta eurek erosiko zietela esanez». Ondoren Ameriketako Estatu Batuetan ere talde mordoa sortu zen CSA Community-supported agriculture delako egituraren barruan. Europan, Italian indarra lortu zuen ekimenak eta gaur egun Euskal Herrian ere sendo doa aurrera.

  Mundu mailakoa da beraz mugimendu hau, eta Alberdiren iritziz, alternatiba bat: «Gizartearen eraldaketaren barruan kokatu behar dira talde hauek, ez da gauza bitxi bat, jendeak benetan gizarte eredu berri bat nahi du, alternatiba bat».

Artikulu osoa irakurtzeko: Amaia ZURUTUZA I (GARA)

Eta irakurtzeko gogorik ez bazenu, hemen dituzu Pedro Alberdi (EHNEko teknikaria), Gorka Martinez (Bergarako taldeko kontsumitzailea) eta Agurtzane Diaz (Bergarako taldeko baserritarra) Itaka irratsaioan BasHerri taldeei buruz elkarrizketan. Saioa entzuteko klik egizu azpian (iraupena 76 min)

Interes gehiago bazenu ikusi:

Gaztelaniaz eginiko azalpen laburtua ¿Qué somos?
Advertisements