Funtzionamendua

  • Aitzbitarte kontsumo taldeko kideek zer jan nahi dugun, nork, non eta nola ekoiztua izango den eta zein baldintzetan erabaki nahi dugu. Horretarako nekazarien eta gizartearen arteko aliantzak, modu aktibo eta kolektiboan, sustatu nahi ditugu.
  • Kontsumitzaile gisa, bertako baserritarrekin batera, elikadura burujabetza lortu nahi dugu: tokiko garapena sustatuz, garaian garaikoa kontsumituz, hiri-landa harremana berreskuratzen lagunduz… ziklo naturalak interpretatu  eta natura irakurtzen ikasiz.
  • Aitzbitarte kontsumo taldean sartzen den kideak, urtez-urte berritu daitekeen, urtebeteko konpromezua hartzen du baserritar eta taldearekin; urritik hurrengo urteko iraila bitartekoa. Konpromezua ezin da lehenago utzi ordezkorik aurkitzen ez bada.
  • Urtean 48 otar jasoko dira. Urteko gainontzeko 4 astetan ez da otarrik izango. Otarren bat jasotzen ez balitz ez da diru itzulerarik egingo.
  • Otarrak, astelehenetan, arratsaldeko 7,30etan jasoko dira aurrez erabakitako tokian. Baten batek jasotzeko arazorik balu ordezkoa izendatu edota beste taldekide bati emago dio otarra jasotzeko abisua.
    Otar horien bilketarako egindako lanagatik baserritarrak hilean 60 €-tako emaitza jasoko du hilabete eta otarreko. Otar erdiek 30 €.
  • Emaitza horren bilketarako, kide bakoitzak hilero dagokion kopurua taldearen kontu korrontera sartuko du. Diru-sarrera egiterakoan zerrendan ageri den izen eta lehen abizena, kontzeptua eta hilabetea adieraziko du: [Mikel Gaztelu, otarra, urria] adibidez.
  • Diru-sarrera hilaren 25erako egingo da. Lehen ordainketa bikoitza izango da, bi hilabeteei dagokiona. Hilabete bat fidantza moduan erabiliko da. Fidantza taldearekiko harremana bukatzerakoan itzuliko da, gastuen likidazioari dagokion kenketa egin eta gero.
  • Urtean behin gastuen likidazioa egin eta kide bakoitzak otarraren arabera  dagokion proportzioan ordainduko du, diru-sarrera berezi bakar batean.
  • Diru kontutan gertaturiko istripu eta gora-beherak taldean aztertu eta taldeko partaideen artean asumituko dira.
  • Taldekideek modu aktiboan parte hartzeko konpromezua hartzen dugu. Hilero edota bi hilabetetik behin biltzeko konpromezua hartu eta taldearen kudeaketarako beharrezko arduradunak izendatuko dira. Kudeaketa guztia kontsumitzaileen artean burutuko da, ekoizleak ekoiztea eta planifikazioaren behin behinekoa egitea izango du ardura nagusitzat.
  • Ardurak urtebeteko iraupena izango dute eta oraingoz, dinamizatzaile/koordinatzailea, diruzainak eta idazkari/blogari arduradunak izendatu dira.
  • Taldekideek, bakoitzak ahal duen neurrian, baserrian laguntza ekimenak bideratzeko interesa eta gogoa azaltzen dugu.
  • Era berean, herriko zein bailarako, gainontzeko BasHerri kontsumo taldeekin harremanak eta trukeak bultzatuko dira. Bai eta BasHerri proiektupeko topaketa eta ekimenetan parte hartzeko. Horretarako beharrezko ordezkariak izendatuko direlarik.
  • Taldean sartzeko interesa duenak aitzbitarte.kt@gmail.com helbidera idatziko du. Eta otarrak osatzen diren neurrian, ekoizlearen onesperaren ondoren, hurrengo hilabetearen hasieran hasiko dira bere eskubide zein betebeharrak.
  • Taldeari dagokion informazio guztia: aktak, dokumentuak, argazkiak… aitzbitarte.wordpress.com blogean argitaratuko dira; modu pribatuan batzuk eta publikoan besteak.
  • Modu pribatuan argitaraturiko dokumentuen pasahitza eta informazioa gordetzeko konpromezua hartzen du Aitzbitarteko kide bakoitzak.
  • Taldean beste produktuak kontsumitzeko aukerak aztertuko dira, bai eta hauek kudeatzeko moduak, banakakoak, taldekoak, noiz behinkakoak ala iraunkorragoak.
  • Funtzionamendu honetan ageri ez diren gainontzekoak taldeko bileretan edota premiazkoak izanez gero, ezinbestean, arduradunen artean erabakiko dira.

Errenteria-Oreretan, 2011ko udazkenean

Aitzbitarte kontsumo taldea

Gaztelaniaz: Funcionamiento
Advertisements